D ereduan ikasten duten ikasleen gurasoen whatsapp taldean, euskaraz idatzi eta sarri ia automatikoa izaten da beste gurasoren baten erantzuna: “En castellano por favor, para los que no entendemos en euskera”. Aste berean hiru kasu ezagutu ditut eta soluzio ezberdina planteatu dute hiruetan.Image may be NSFW.
Clik here to view.
Oier Araolazak kontatu duenez, gurasoen whatsapp taldean erdaldun bik eskatu dutenean euskaraz ezetz, gaztelaniaz aritzeko, halaxe erantzun die: “Os pido que la próxima vez que recibáis mensajes en euskara hagáis un esfuerzo por entenderlos y pidáis ayuda a vuestras hijas, para de esta manera no limitar a nadie y que cada uno podamos comunicarnos en el idioma que escojamos”. Ez du oso gustura hartu erantzuna guraso elebakarrak: “Comunícate en el idioma que te dé la gana” bota dio arrapostu, baina badirudi euskaldunak lortu duela, oraingoz behintzat, euskaraz aritzeko eskubideari eustea.
Euskaldunak, elebitan
Beste kasu batean, eskolako gaiekin zerikusirik ez duen bideo baten euskarazko komentarioari oharra egin dio segituan guraso batek, gaztelaniaz idazteko eskatuz. Hirugarren guraso batek erantzun dio (euskaraz eta gaztelaniaz) ikasgelako kontuen azalpenak eleanitzak izan beharko direla, baina bestelakoak bakoitzak nahi dituen hizkuntzan idatzi ditzakeela, jakina. Emaitza? Hortik aurrerako whatsapp guztietan erdaldunek gaztelaniaz baino ez dute idatzi eta euskaldunek ordea (taldeko gehiengo zabalak), euskaraz eta gaztelaniaz aldioro, mezu bakoitza bi hizkuntzatan errepikatuz, bakearen izenean-edo…
Bi whatsapp talde sortzea erabaki dutenak
Hirugarren planteamendu bat ere ezagutu dut: ikastola bateko gurasoek erabaki dute bi whatsapp talde sortzea, bata euskara hutsean, eta bestea bi eletan. Guraso taldeko ordezkaria bi taldeetan dago, eta hark du ardura ikastetxeko kontuekin zerikusia duen informazioa batean eta bestean zabaltzeko. Emaitza? Oraingoan ere, haserre hartu du erabakia euskaraz ez dakien hainbatek, baztertu egin zaiela ulertuta.
Ahalegina eta amore ematea, beti berdinek
Aferak ez du soluzio errazik, inork ez duelako liskarrik nahi, inork ez du haserretu nahi… baina zein da liskarraren eta tentsioaren eragile? Eta zein da gatazka saihesteko beti amore ematen duena, zer eta gehiengoak euskaraz dakienean, arrazoia eta eskubidea alde dituenean? Zein alderi eskatzen zaio beti ahalegin gehigarria egiteko? Bai, estres linguistikoari aurre egiteko TELP tailerrak behar ditugu oraindik, akonplexatuta jarraitzen dugulako, edukazio txarraren argudioa eta erruduntasun sentimendua muineraino sartu digutelako, menperatuaren kontzientzia gainetik kendu ezinik gabiltzalako geure herrian.